XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kzren irizpide liberal horren arabera, ondasunak gozatu eta xedatzeko eskubidea da jabaria edo jabetza, eta kasutan bakarrik murriztu edo mugatu daiteke, titularraren nahierarako interesa gailentzen baita.

Konstituzioa aldarrikatuz geroztik, Gauzei buruzko zuzenbidea berriro antolatu behar izan da. Esparru edo espazio batzuetan, guztion interesa edo interes orokorraren eta hiritarraren interesa edo interes bereziaren arteko harremanen oreka bilatu behar da, kasuan kasuko ezaugarriak eta hiritar horri eratxiki edo esleitu zaizkion ondasun edo baliabide horiek kontutan hartuz.

Oinarrizko irizpide hauek eman dezakete antolaketa berri horren gakoa:

a) Konstituzioaren edo legearen aginduz, oinarrizko ondasun edota baliabide batzuk ezin dira norbanakoen eskumenekoak izan, Estatuari eratxikitzen zaizkiola; horretan, Estatu adierazmoldea esangurarik zabalenean ulertu behar da, ondasun edo baliabide horien kudeaketa eta ustiapena Estatu, Autonomi, Probintzi zein Toki erakundeen esku gera daitezkeelako.

Edozein modutara ere, hori salbuespena da; Espainian Gauzei buruzko zuzenbidearen printzipiorik nagusiena ondasunen jabetza pribatua da. Jabetza hori ez du titularraren heriotzak azkentzen, beraz, ez da herri jabariko bihurtzen. Horixe da EKren 33.1. artikulura bildutako manuaren esanahia.

b) Norbanakoei ondasunak eratxikitzen zaizkienetan, interes orokorra edo guztion interesa kontutan izan behar da nolabait. Hortaz, ezin da aldez aurretik zehaztu eratxikipen horren edukia, ez baitago erabateko ahalmen eskualdaketarik; izan ere, norbanakoaren jarduketa kontrolpean dago, menpekoturik, alegia.

Hortaz, gizarte eginkizunak (EKren 33.2. artikulua) edo plangintzak (EKren 131.1. art) eratxikipena baldintzatzen dute, baita bigarren maila batean Zuzenbidearen abusu teknikek (KZren 7.2. art.), eta gizarte interesaren ziozko zenbait desjabetzapenek ere (DDLren 71. art. eta abar).

c) Irizpide orokorra da ondasunak erabiltzeko askatasuna, kasuan-kasuan lege desberdinek ezarritako baldintza eta mugen barruan (EKren 38. art.). Ondasunak erabiltzeko askatasuna lege bidez xeda daiteke, beti ere, jabetza eskubidearen oinarrizko edukia errespetatuz (EKren 53.1. art.).

Oinarrizko eduki hori osatzen dute, Konstituzio Auzitegiaren ustez (KAk martxoaren 26an emandako 37/1987 epaia, bai eta 11/1981 ere), eskubidea jabetza eskubide gisa aintzatetsia izan dadin beharrezkoak diren ahalmenek edo jarduketa aukerek. Horrela, oinarrizko eduki hori gainditu edo hautsi egiten da, eskubideari ezarritako mugapenek eskubidea bera erabilezin bihurtzen badute, arrazoizkoa dena baino gehiago zailtzen badute, edota beharrezko babesa kentzen badiote. Horiek horrela, autoreek gai hori asko eztabaidatu izan dute (COCA, LOPEZ, MONTÉS).